Alegiako hirigunea Oria ibaiaren eta Amezketa ibaiadarraren elkargunean sortzen den meandroan kokatuta dago, kale estu eta luzea du ibai nagusiarekin paraleloan, eta bi aldeetan etxeak daude, ibaiertzean baratzak agertzen direlarik. Hori erdi aroko Hiribilduen itxura tradizionala da, eta honi bidegurutzea dela gaineratzen badiogu, berehala konturatuko gara Hiribildua merkataritzara eta zerbitzuetara dedikatu ohi dela.
Eskualde-egiturako buru den hiribildu txikiaren merkataritza eta zerbitzugintzarako tradizio hau ez da galdu. Honela, saltoki txikiak krisian egon arren, egunero denda, jatetxe, taberna, taxi-zerbitzu eta aurrezki-kutxa askok irekitzen dituzte beren ateak, eta honi guztiari Osakidetzako anbulatorioa, botika, lehen mailako irakaskuntzako eskola publikoak eta bigarren hezkuntzako Institutua, gizarte-ongizateko zerbitzuak eta abar gaineratu behar diogu, adierazi dugun gizarte-egitura dugu emaitza gisa.
Erdi aroan joare-fabrika asko zeuden Alegian, eta honen ondorioz bertakoak grazia eta trufa modura "txintxarri" goitizenarekin ezagunak dira, baina hauek ezizen hori bereganatu dute eta gainera iragana gogoratuz Udaletxeko alboko plazan joare baten eskultura eder bat ipini dute, Ugartemendiak eginikoa.
Eustaten datuen arabera (1994), lan egiten duen populaziotik %2,7 nekazaritzara dedikatzen da, %55,4 langileak dira, %30,1 administrazio eta zerbitzuetako pertsonala da, eta %11,8 zuzendaritzako pertsonala eta pertsonal teknikoa da, hau da, nekazaritzara dedikatzen diren 4 pertsona soldatadun, 201 industrian, 51 eraikuntzan eta 176 zerbitzuetan.
9 langile baino gehiago dituzten 5 industri establezimendu daude, garrantzitsuenak honako hauek izanik: eroale elektrikoen trefilatzea eta bernizatzea (hedatzen ari da), eta paper- eta trenbide-industriarako metalezko piezen eraikuntza eta mekanizazioa.
Oriaren ibarrean, ibaiaren eta nazioarteko trafikoa hartzen duen Autobiaren artean, industri erabilerarako kalifikazioa duen lurzoru-zona bat dago, "Bazurka" izenekoa. Lurzoru honek plan partzial bat indarrean du, eta lurzoruaren jabeak diren sustatzaile pribatuek 25.000 m2-ko pabilioien eraikuntza berehala martxan jartzea espero da, honek, inolako zalantzarik gabe, udalerriaren eta bere inguruaren garapen ekonomikoari mesede egingo diolarik.