Nondik dator Alegría hitza? Baiezta daitekeena zera da: hitz hau jatorriz gaztelaniako toponimo bat ez zela eta, beraz, gaztelaniara egokitu den euskal hitza dela.
Alegría de Oria izena ALEGIA izenarekin ordezkatzeari dagokionez, espedientearen tramitazioa 1980ko martxoaren 11n burutu zen Udalaren Osoko Bilkurak hartu zuen erabakiarekin hasi zen, eta Toki Administrazioko Sailordetzak 1986ko urtarrilaren 22an eman zuen eta 1986-01-29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Ebazpenarekin amaitu zen.
Bere armarrian, bost otso odoleztatu agertzen dira urrezko hondoan, gerrarako bandera eta sinboloekin. Armarri hau Enrique IV.a erregeak eman zion Alegiako herriari, bertako biztanleek Olmedoko batailan erakutsitako adorea sarituz.
Alegiaren sorkuntza-data zehatza ezezaguna da. 1319. urtean Tolosako jurisdikzioan barne hartu zen, eta urtarrilaren 21ean bertako bizilagunen eskariz anexioa izenpetu zen, bi mendeetan zehar hiri honetako jurisdikzioan barne hartuta egon ziren hogeita lau auzoetako bat izan zelarik.
1454. urtean hiri titulua lortu zuen, Enrique IV.a erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa. Nolanahi ere, arlo zibil eta kriminalerako eskumen osoa, bai eta erabat independentea zen hiri izaerari loturiko gainontzeko eskubideak ere, 1615. urteko apirilaren 3an lortu zituen, Felipe III.ak Madrilen emandako pribilegioaren indarrez.
Probintziako Batzar Nagusietan eta Partikularretan ordezkari gehiago izateko xedez, Ikaztegieta eta Orendainekin batera Aizpuruako Batasunean barne hartu zen. Batasun hau 1625. urteko apirilaren 7an izenpetu zen kontratu baten bitartez gauzatu zen. Hiru hirien artean ahaldun komun bat izendatzen zuten. Hitzarmenak hogei urtero berritzen ziren. 1660. urtean Altzo Batasunera elkartu zen.
Aizpuruako Batasunak 43 su izan zituen, ondoko eran banatuta zeudenak: 11 su Alegiari zegozkion, 13 Orendaini, 8 Ikaztegietari eta 11 Altzori.
Bertako dolareetatik ateratzen zen sagardoa mendeetan zehar ospetsua izan zen, bai kalitateagatik bai eta kantitateagatik ere. Hirigunean 26 dolare zeuden sagardoa egiteko, zenbait baserritan etxeko kontsumorako zeudenez gain.
Lau iturri izan zituen, bertako bizilagunen erabilera publikorako. Iturri bat Linapozuelon zegoen, beste bat Artosinen, hirugarrena Langatu baserritik hurbil, eta laugarrena Amezketa ibaiaren ezkerreko bazterrean.
1532. urtean, ia herri osoa suntsitu zuen sute bat egon zen. Bederatzi etxe bakarrik geratu ziren. Eta 1648. urtean hemeretzi etxe erre ziren.
Ibaitik hain gertu dagoenez gero, uholdeak beti izan dira kontuan hartu beharreko mehatxua. 1762. urteko ekainaren 20ko uholdean zenbait pertsona hil ziren. Baina ezagutzen diren uholderik larrienak 1953. urteko urriaren 15ean eta 1983. urteko abuztuaren 26an gertatu ziren. Ura 2,10 metroko altuerara iritsi zen lehenengoan eta 2,30 metroko altuerara bigarrenean.